Car Sharing Interesgarria da? Galdera ohikoenak Harremana Albisteak Elkartea
 
 

Zer da carsharing-a edo ibilgailu kolektiboa partekatzea?

 

Car sharing-a edo ibilgailu kolektiboa partekatzea, ibilgailua izateko beste era bat da, mugikortasunaren kontzeptu moderno bat, garraiobideak zentzuz erabiltzea bultzatzen duena, eta beharra sortutakoan, jabe izan gabe ere, ibilgailu bat erabiltzeko aukera eskaintzen duena. Sistema honekin mugikortasunaren kostuak gutxitu egiten dira, bai norbanakoentzat, bai gizartearentzat .

 
 

Zer mesede egiten dio ibilgailu kolektiboa partekatzeak garraio publikoari?

 

Lehenengo eta behin, ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuen erabiltzaileek joan-etorri bakoitzerako zer garraiobide komeni zaien pentsatu beharra daukate lehendabizi, eta askotan eta askotan, garraio publikoa da onena. Bestetik, ibilgailu kolektiboa partekatzen dutenek, gehienetan ibilgailu partikularrik ez dutenez, normalean garraio publikora jotzen dute batera eta bestera joateko.

 
 
Zenbat aurrezten dut ibilgailu kolektiboa partekatuta, ibilgailu partikularrarekin alderatuz gero?
 

Ibilgailu partikular batek kostu finkoak ditu (ibilgailua erostea, zirkulazio eta matrikulazioko zergak, asegurua, aparkalekua) eta beste kostu aldakor batzuk (mantentzea, konponketak, IAT eta erregaia). Aldiz, urtean 15.000 km baino gutxiago egiten badituzu, partekatzeko zerbitzuarekin urtean 2.500 € aurreztera hel zaitezke.

 
 

Izango al da ibilgailurik behar dudanean?

 

Eskatutakoan ibilgailu bat eskuratzeko aukera % 90ekoa da; arratsalde eta asteburuetan izaten da eskari gehien. Zenbat eta sistema handiagoa, orduan eta malguagoa. Zuri komeni zaizun aparkalekuan eskatutako ibilgailua dagoeneko beste norbaitentzat gordeta badago, erreserba-bulegoak edo webguneak, beste aukera batzuen berri emango dizu: ibilgailu mota bera, baina beste aparkaleku batean; beste ibilgailu bat, baina aparkaleku berean; edo-eta, batzuetan (garraiorako furgoneta denean batik bat), ordutegia aldatzea. Gainera, partekatzeko zerbitzuetako bezeroei tarifa merkeagoak eskaintzen zaizkie autoak alokatzeko enpresetan.

 
 

Zer alde dago ibilgailu kolektibo bat partekatzearen eta ibilgailu bat alokatzearen artean?

 

Ibilgailu kolektiboa nahi izanez gero ordubeterako har daiteke, ez dago, alokatzen denean bezala, egun oso baterako hartu beharrik. Zerbitzuak egunean 24 ordutan funtzionatzen du, bai erreserba egiteko, bai ibilgailua hartu eta uzteko. Ibilgailuak hirian zehar ondo banatuta egongo dira, erabiltzaile guztiek baten bat gertu izan dezaten. Zerbitzua fakturatzeko, orduak eta kilometroak hartuko dira kontuan.

 
 

Zenbat lehenago egin behar da erreserba?

 

Ibilgailua hartu baino gutxienez 15 minutu lehenago egin behar da erreserba. Hala eta guztiz ere, jakina, lehenago egitea komeni da, nahi dugun ibilgailua izango dugula ziurtatzeko. Dena den, egia da, zerbitzuak dituen sistema modernoei esker, posible dela sakelako telefonoaren bidez erreserba egin eta oso tarte txikian ibilgailua hartzea.

 
 

Zer gertatzen da erregaiarekin?

 

Erregaia tarifan sartuta dago. Ibilgailuan txartel bat egongo da, depositua bete beharrik izanez gero, ordaintzeko.

Zure betebehar bakarra, depositua laurdenetik behera jaisten denean, betetzea.

 
 

Ba al da aparteko gasturik?

 

Hileko kuotaz aparte, ibilgailua erabiliz gero sortutako kostuak bakarrik izango dituzu. Erregaia, asegurua eta zergak prezioan sartuta daude. Ibilgailua garbitu, mantendu, konpondu, gurpilak aldatu eta bestelakoak ere kuotan sartuta daude. Hilero faktura bat jasoko duzu; ibilgailua hartu duzun bakoitzean zenbat denboran izan duzun, zenbat kilometro egin dituzun eta zenbat kostatu zaizun adieraziko dizu. Horrela, bidaia bakoitza zenbat kostatzen den jakingo duzu.

 
 

Zer gertatzen da ibilgailua uste baino denbora gehiagorako behar badut edo erreserba bertan behera utzi beharra badaukat?

 

Erreserba aldatu edo bertan behera utzi beharra izanez gero, erreserba egiteko bezalaxe, telefonoz nahiz internetez egin daiteke gestioa.

 
 

Epe luze samarretarako behar izanez gero, oporretara joateko adibidez, erabil al daiteke Euskocarsharing-a?

 

Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzu gehienek tarifa bereziak adosten dituzte ibilgailuak alokatzeko enpresekin, alogera-epe luze samarrak edo ibilgailua joateko bakarrik behar duten bezeroentzat; partekatzeko zerbitzua normalean epe laburragoetarako erabiltzen da.

 
 

Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuak ibilgailu sorta bat izaten al du aukeratzeko?

 

Hori enpresaren baitan dago, baina enpresarik txikienak ere, bi ibilgailu izanda, gutxienez automobil txiki bat eta auto familiar bat eskainiko luke ziurrenik. Zenbat eta enpresa handiagoa, orduan eta aukera zabalagoa: ibilgailu txikiak, familiarrak eta furgoneta txikiak. Enpresek aukeratzeko dituzten ibilgailuen zerrenda jarriko dute webgunean.

 
 

Ba al dago adinarekin edo gidabaimenarekin lotutako mugarik partekatzeko zerbitzuaren bezero izateko?

 

Bai, gutxienez bi urte lehenagotik izan beharko da gidabaimena.

 
 

Zer gertatzen da istripurik izaten badut?

 

Istripuen ondorio diren kalteen berri nola eman behar bezala jakinaraziko zaizu. Istripu garrantzitsuren bat edo inork zauririk izanez gero, lehenbailehen jakinarazi beharko diozu poliziari. Enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, eta kalteez ere enpresa arduratuko da. Ibilgailuek arrisku orotako asegurua dute. Baina erruduna zu bazara, bazkide egitekoan sinatutakon kontratuan jarritako mugara arte ordaindu beharko duzu.

 
 

Zer gertatzen da matxurarik izanez gero?

 

Matxura izateko arriskua oso txikia da, partekatzeko zerbitzuetako ibilgailuak modernoak eta nahiko berriak izaten dira-eta. Nolanahi ere, matxurarik izanez gero, larrialdietarako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izango duzu (garabia, konponketak, etab.). Horrelakoetan erreserba-bulegoaren laguntza izango duzu.

 
 

Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuak erakundeetako erabiltzaileentzat ere balio dezake?

 

Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuak enpresen eta administrazio publikoen ibilgailuen kudeaketa hobetzen lagun dezake. Horrela, eskari kopuru handiagoa kostu txikiagoarekin kudeatzeko aukera ematen du. Normalean enpresen ibilgailuak ez dira erabiltzen ez gauez, ez asteburuetan (baina kostatu, kostatzen zaie). Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuei esker, ibilgailu horiek enpresak hainbeste behar ez dituenean beste norbaitek erabil ditzake, eta horrela gastuak murriztu. Horrek esan nahi du gainera, enpresak ibilgailuak leasing-kontratuekin hartzeagatik sortutako gastuak ere murriztu egingo direla, bai eta aparkalekuak sortutakoak ere, batez ere hiriko erdialdeetan dauden enpresen kasuan.

 
 

Zer alde dago car sharing-aren eta car pooling-aren artean?

 

Car sharing-ean edo euskaraz esanda, ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuarekin erabiltzaileek ibilgailu sorta bat partekatzen dute, baina ez aldi berean. Ibilgailu horiek kudeatzen dituen enpresa bat dago; enpresak erreserbak egin ahala banatzen ditu ibilgailuak bezeroen artean, eta hilaren amaieran faktura bidaltzen diete.

 

Car pooling-a, edo euskaraz esanda, besterik gabe, automobila partekatzea, ibilgailu baten jabea eta beste zenbait lagun, edo hainbat ibilgailuren jabeak, ados jarri, eta bakoitza bere autoan joan ordez ibilbide bera elkarrekin egiteari esaten zaio. Norberaren ibilgailua beste norbaitekin partekatzeko ez dago hori kudeatuko duen enpresa baten beharrik, erabiltzaileak konpontzen baitira elkarrekin, nahiz eta egun internet edo beste sistema batzuk erabili horretarako.

 
 
 
 
 
 
 
 
Euskara  |  Castellano
RSS